XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Bihar?

- Bai, zer da, egun txarra?

- Ez, ez, primerakoa.

Bueno, gaurko lanak egitera noa gelara.

Gero arte, aita.

Negar batean igaro zuen arratsalde osoa Amaiak, atea itxita, bere ohe gainean.

Orain arte nolabait engainatu zuen aita, baina, oraingoan dena deskubrituko zuen.

8. mailan, gimnasia ezik, beste denetan eskas zuen, ordurarte behintzat, eta aurrerantzean milagro handirik ez zuen espero.

Ederki zekien zertara deitu zuten aita eta zer esango zioten.

Gehiegizkoa zen Amaiarentzat gertatzera zihoana.

Jasangaitza neska gaixoari zetorkiona.

Aita penatua ikustea azkenekoa zen Amaiarentzat, eta bere erruz izanik, zer esanik ez.

Begiak itxita, erdi lotan gelditzen zen behin eta berriz.

Aitaren aurpegi goxoarekin eta irudiarekin lokartzen zen, baina, aitaren aurpegi triste eta serioak esnarazten zuen ohe gainean jauzi handiak emanez, amets gaiztoak ezin uxatuz.

Buruko mina zuela eta, ez zen afaltzera ere atera bere kuartotik.

- Gutxienez har ezazu esne bero pixkat, eta arropak erantzi ohean behar bezala egoteko.

- Amak atetik burua sartuz.

Gaua luzea izan zen, baina dena behar izan zuen bere bizitza laburrari errepasutxo bat emateko.

Eszena guztietan eta bere bizitzako bineta denetan, aita agertzen zen protagonista nagusi bezala, eta bera, aitaren ondoan, noski.

Ikastolako lehenengo egunean aitarekin joan eta aitak jaso.

Aitak goizero esnatu eta aitak lo harrarazi gaueroko ipuina kontatuz.

Aitarekin foting egitera, aitaren ondoan Jaunartze egun haundian, aita, aita, aita...